XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

VI. BIURRERARIK EZ DUEN ORDUA

Bilbaoko Aste Nagusia iragan da.

Zezen-korrida ederrak egon dira eta jentea pozik dago.

Gainera Bilbaoko egunkari guztietan notizia eman da, inguruetako etxola guztiak lurrarekin berdintzen dituztela.

Batez ere Artxanda eta Banderas mendixketako hegiak zikintzen dituztenak.

Eta Jose Antonio kale nagusiko zubiaren azpian daudenak, eta Franco Guztiz Jeneralaren zubitik ikusten diren eta Ingelesen Zelaian daudenak ere.

Honela pizka bat garbituko da hiri itsusi hau, lehengo zilarrezko tazatxua.

Errekaldeberriren eta Basurturen gainean daudenek oraindik itxadon beharko dute, hoek ez baitira ikusten, eta gainera poligono berriak egin behar direlako.

Norteko trenbidetik ikusten direnak ere bai, baina bakarrik Bilbaoko lurrean daudenak, Arrigorriagak ezin sufri baitezake hain gastu haundia.

Sar gaitezin Oilarganetik.

Bertan jente asko ikusiko dugu, lan haundietan sarturik dagoena.

Eta bat-batean Bazkoare Arronaren etxolaren aurrean aurkitzen gera.

Baina gera gaitezin hemen, hauk gure ezagun zaharrak baitira.

Etxolatik tresna guztiak ateratzen dituzte.

Barrenean Tereza eta Eneko daude.

Hernandok kanpora ateratzen ditu gauzak.

Ezkerreko eskuan benda bat darama, bertan zauriturik balego bezala.

Tereza eta Eneko elkar-hizketa mugituan daude.

Noizean behin Hernandok ere hartuko du parte.

- Fortuna txarra izan zenduen, Tereza dio Enekotxok. Holakorik... Esan zigun gure maisu jaunak, holako gauzaren bat noizpait gertatuko zela, gure moduan ezin bizi litekeela.

- Eta zuen maisua, nungoa da?

- Gaztelako parte batekoa. Gaztela Berrikoa. Ez dakit. Horkoa. Arratoiak zer egin zuen jakin zuenean, alegratzen zela irudi zuen.

Beti esan nuen: Zorriek eta arratoiek janen zaituezte! Eta azkenean gertatu da! Arratoi batek zuetatik bati jan dizkio sesuak!. Alegratzen zela zirudien. Pistiak haurraren fontanelatik sartu zuen musturra, eta haurrari jan zizkion sesuak! Gobernuak nola utzi zuen etxola zikin hoek egin zenitzatela ez dakit!

Esku merkeak behar zirela industriarako!. Zuen zelaiak, zuen soloak, zuen herriak, abandonatu zenituzten, Gaztelako lur noble eta benedikatua bakartadean utzi zenduten, eta hona hemen galerazko lur maradikatu honek trukean zer eskeintzen dizuen: miseria eta premia!

- Zuen maisuak ez gaitu maite euskaldunok.

- Atzo gainera, esan zigun: Azkenean, azken fin batean, Francok irabazirikako bakeari eskerrak, libratu eginen zerate pobreziatik eta miseriaren gatibutasunetik!